XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

Ez zuen hura saltzeko asmorik, bai bait zekien ezin izango zuela inon saldu hain irudi famatua, baino mendeku gozoa eskuratu ahal izango zuen, guztiak ahozabalik utziaz, eta bizia izorratu ahal izango zuen, guztiak ahozabalik utziaz, eta bizia izorratu ziotenak kale gorrian jarriaz eraberean.

Hura izango zen hura, kolpea!.

Honetan murgildurik zegoela, hots arraro bat heldu zen bere belarrietara.

Harriturik gelditu zen, gelakideen moduan.

Negar xume bat zirudien, alboko gela batetatik zetorrena.

Sarrerara hurbildu zenean ezin izan zuen sinistu ikusitakoa: hantxe zegoen Venus gaixoa, bere oinarrian eserita, malkoak sabel gainean ixuriaz.

Bertrand ikusi zuenean burua altxa eta honela mintzatu zitzaion: - Bertrand! Zu al zara? Ene jainko Zeusek nere otoitzak entzun ditu behingoz! Zatoz hona.

Zu joan zinenetik hemen eduki nauzu, gauero malko jarioan ene jainko Zeusi zure itzulera erregutuz.

Zure eskua ene larru gainean sumatu nuenetik zutaz maitemindurik naukazu.

Zatoz eta lagun nazazu oinarri zakar honetatik ateratzen.

Bertrand, marmola bezain zuri, bere senera itzuli orduko anka egin zuen.

Orduan Venusek bere perfil klasikoa desitxuratuz eta ukabilari eraginez mehatxuka: - Alu hori! Denak berdinak zarete! Batek mugitu ere ezin duenean ez zarete gelditzen eta ahal dugunean Merkurio bera baino azkarrago egiten duzue ihes.

Bi besoak Egeoan urperaturik ez banitu ez zenuke nigandik ihes egiten lan handirik izango, zerri hori! - Venus gaixoak negar egiten jarraitu zuen, gero eta ozenago, bere marmolezko haragitik nolabait lortzen zuen hainbeste malko ateratzea.

Zentauro apuesto bat inguratu zitzaion kontsolatu nahiean baina honek ere gorputzeko zenbait zati galduak zituen denboraren enbateen poderioz.

- Alde egidak hemendik usakume hori! Hik ere hobe hukek horien ordez bi besoak galdu izan bahitu!.

Gure lapur aztoratua gela zabal baten txokoan zetzan, whiski botila zapal bati atxikirik eta noizbehinka eztarria hezetuz.

Hura benetakoa ez zelaz bere burua konbentzitu nahiean zebilen, urduritasunaren ondoria besterik etzelakoan.

Orduerdi bat geroago prest zegoen berriro lanari ekiteko, burua argiagoa eta lirainagoa nabaritzen zuelarik.

Iritsi zen noizbait Leonardo da Vinci-ren margolanak eskegirik zeuden gelara eta hantxe ikusi ahal izan zuen, aspaldiko partez, Mona Lisa-ren irudi famatua, oraindik irribarrez.

Ordubiak eta hamalau minutu.

Boteilak tragu berri bat eskeini zion.

Atzetik norbaitek, lepoa hatzez kolpatuz: - Barkatu, baztertuko zara une batez? - Japoniar bat besterik ez zen, Nikon kamara soinean zuela, bere hainako objektibo batez ornitua.

Argazki pare bat atera ondoren - Eskerrikasko - esanaz alde egin zuen.

Japoniarrak askotan ikusiak izan arren, hura zerbait arraroa iruditu zitzaion, beharbada hain bakarrik ikusteak harrituko zion.

Botila berriro ahora eraman eta gelaren txokoan eseri zen, han zertarako zegoen asmatu nahian.

Hegalada baten zarata entzun zuen museoan, gero eta hurbilago.

Sala hartan agertu zen bapatean Samotraziako Garaipenaren harrizko irudia eta Bertrandi whiski botila ohostu zion, barruan gordetzen zuena bururik gabeko lepotik barrena ixuriz.

Bidea motzagoa izanik berehala hasi zen gelan zehar jirabiraka, hormekin behin eta berriro topo eginez.

Halako batean Harrietako Ama Birginarekin tupust egin eta emakume gaixoa inguratzen zuten haur guztiak esnatu eta negarrez jarri zituen: - Aingeru edale zikin horrek botila bat ikusten duen bakoitzean burua galtzen du, eta gauero berdin! - Egin zuen oihu - Egizue lo haurtxok, ez da gehiago etorriko eta. Umetxoa, lo egizu....

Irudi hegalariak, ez ikusi eta ezin entzun, jo ta ke zebilen errenazimenduko artisten obra ezagunenen artean.

Halako batez burdinez jantzitako zaldun famatu batek hobe deritzot izena ez aipatzeari ezpata zorrotik atera eta hego bat ondo-ondotik ebaki zion eta hegalari elbarria, hiltzear dagoen euliaren antzera, hegal bakarra astinduz geratu zen lurrean, airean berriro altxa ezinik.

Italiako dama birfinduek begiak bueltatu behar izan zituzten hain ikuskizun itsusia ez ikustearren.

Berandutzen ari zela ikusirik, Bertrandek lanari ekin zion.

Mona Lisak, itxurak gordetzeko, esku bat jarria zeukan bere algara eskandalagarriaren aurrean.

Laister kendu zuen gure lapurrak aizto zorrotza poltsikotik atera eta zabaldu zuenean bere begien aurrean.

Bere aurpegi ederra garraisi batez desitxuratuz deiardaka hasi zen laguntza eske.

Aiztoa oihalean ondoratzera zioanean, esku hotz batek besoa heldu zion.

Jiratu zenean greziar kouroi erraldoi bat aurkitu zuen.

Berehala dastatu izan zuen greziar marmolaren kalitatea eta erabat konbentziturik geratu zen bere hortzak baino sendoagoa zelaz.

Goizeko hirurak ziren korderik gabe geratu zenerako.

Goizeko seirak. Bi zaindari zebiltzan mozorro beltz batzu aurpegian zituztelarik.

Hara! Hemen dago.

- Ez dauka itxura txarra.

Beste gelan zegoena okerrago zegoen.

Izan ere alarma berri honek zabaltzen duen gasak estatuak berak dantzan jarriko lituzke betebetean harrapatu ezkero.

- Bai, euliak bezela geratzen dituk.

- Ez duk ez, asmaketa txarra! - Bertrandi iletik heldu eta burua altxa zion.

- Hau ez al duk ezaguna? - Ez ote duk zaindari zaharra?.

- Bertrand? Itxura ba zeukak, bai.

Beno eraman dezagun burdinen atzean nahi adina lo egin ahalko dik.

- Soinetik atxikirik errasten eraman zuten.

Bertan gelditu ziren whiski botila hutsa eta aiztoa zabalik, eta baita dama irrifartsu bat ere, hormatik eskegirik, bere ezpainak, mendeetan barrena, oraindik mugitzeke... ala ez?.

AMAIA IÑAKI ELIZEGI.